sábado, 14 de enero de 2012

Gasteiz, hiriburu berdea Europako erakusleihoa


Azken 30 urtean ingurumenaren alde egindako lanari esker, Europako Hiriburu Berdea izango da Gasteiz aurten. Urtea amaitu bitartean, hiria berdez koloreztatuko dute hainbat ekitaldirekin.
Baina hiri hontan, munduko eredua ez da batere berdea, agingtariek, Eguzkiren ustez, ezu dute berdearekin bat egiten, Garoña eta Fracking dagokion ez dute natura eta ingurugiroaren babesa ematen.

Berde markenting erabili beharrean, Eguzkik berde jarriko die edozein egoeran gizarte eta ingurugiro kapitalista, hazkunde eta eraikuntzaren menpe eredua, edota naturaren kalteak sortzen edo onartzen dutenei.
Berriako erreportaia. Hiri aproposa da Gasteiz bizikletaz ibiltzeko. Baita zelai eta berdeguneetatik paseoak emateko ere. Ez da gutxirako: 622 hektarearen baso eta belardiak eta oinez edo bizikletaz ibiltzeko 50 kilometroko ibilbideak ditu. Hogeita hamar urtean natura leheneratzeko egindako lanak iraunkortasunaren erakusle egin du Gasteiz. Eta Europako Batzordeak apustu hori saritzea erabaki zuen joan den urrian, Europako Hiriburu Berdea izendapena emanez. Sona handiko hiri askorekin lehiatu behar izan zuen Arabako hiriburuak saria eskuratzeko: besteak beste, Bartzelona (Herrialde Katalanak), Reykjavik (Islandia) eta Naonedekin (Frantzia). Finalista guztiak atzean utzi zituen Gasteizek Stockholmen (Suedia) egindako ekitaldian irabazle aukeratu zutenean.

Europako Batasunak ingurumenaren eta bizi-kalitatearen alorretan baldintza jakin batzuk betetzen dituzten hirien lanari urtero egiten dion aitortza da Europako Hiriburu Berde saria. 2008an sortu zen sari hori. Iaz, Stockholm izan zen Europako Hiriburu Berdea, eta Hanburgok hartuko du lekukoa datorren urtean. Gune berdeak, garraio sistema, airearen kalitatea, uraren kontsumoa, zarata, bioaniztasuna eta zaborraren kudeaketa irizpideak kontuan hartzen dira izendapena emateko orduan. Gasteizek aise bete ditu Europak jarritako baldintza guztiak.

Saria eskuan, berdez jantziko da Gasteiz urtea amaitu arte. 2012. urteko Europako Hiriburu Berde izendapena eskuratu izanak eredu bihurtuko du Arabako hiriburua jasangarria izan nahi duten Europako gainerako hirientzat. Europako Batzordeak, besteak beste, kontuan hartu ditu azken hamarkada hauetan hiriak garatu dituen ingurumen politikak eta hiritarren bizi-kalitatea hobetzeko egindako ahaleginak.

Izan ere, hirigintza eta ingurumena ongi uztartzen jakin du Gasteizek azken hamarkadetan. Berdegune gehien duten hirietako bat da —hiri barruan sei milioi metro koadro hartzen dituzte parkeek—, eta, horrez gain, erdigunetik kilometro gutxira daude Gasteizko Eraztun Berdea osatzen duten lau naturguneak: Olarizu, Armentia, Salburua eta Zabalgana. 1992. urtean ekin zioten Gasteiz inguruko baso eta berdeguneak leheneratzeari, eta gaur egun, ibilalditxoak egiteko aproposa izateaz gain, Eraztun Berdea korrikalarien, txirrindularien eta kirolari askoren paradisu ere bihurtu da.

Bizikleta erruz erabiltzen da Gasteizen. 1980ko hamarkadan bidegorriak eratzeko plan bat jarri zen abian, eta Gasteiz Euskal Herri osoan bizikletentzako bide gehien zuen hiria bihurtu zen. Ondoko urteetan sarearen garapenak aurrera egin zuen, eta egun hiriko bidegorriek ia 100 kilometro dituzte, guztira. Autobus sarean egindako berrikuntzekin, gainera, autoaren erabilera gutxitu egin da azken urteotan.

Urte osoko izendapena

Hiriburu Berdearen izendapenarekin Europa eta mundu zabaleko erakusleihoa izango da Gasteiz aurten. Saria ospatzeari ekin dio dagoeneko hiriak, eta urtea amaitu bitartean ekitaldi ugari antolatuko ditu.

Joan den ostegunean inauguratu zuten Hiriburu Berdearen egoitza, orain arte Antso Jakituna fundazioaren egoitza izan den jauregian, Zulueta jauregian. Izendapena dela-eta hiriburuan izango diren ekitaldi nagusiak han prestatuko dira, eta ingurumen teknikari eta arduradunen lantokia ere izango da.

Herritarrak ingurumenarekin sentiberago bihurtzeko asmoz prestatu du udalak urte osorako egitaraua. Hala, gasteiztarren parte hartze zuzena lortzeko, hainbat kontu jarriko ditu martxan: besteak beste, Europa jauregian erakusketa interaktibo bat zabalduko du, eta bisita gidatuak prestatuko ditu ingurumen arloan zeresana duten instalazioetan —Atarian, gizarte etxeetan, hondakin eta ura kudeatzeko guneetan...— .

Enpresa munduan ere nabarituko da Hiriburu Berdearen izendapena. Ingurumenaren aldeko neurriak hartzen dituzten enpresek Ekozigilua izeneko agiria jasoko dute. Hiriko tabernak, hotelak eta dendak Hiriburu Berdearen espirituan parte hartzeko akuilua izatea nahi du udalak. Horrez gain, udalak hitzarmen bat sinatu du dozena bat elkarterekin, horietako bakoitzak karbono maila txikiko ekonomiara iristeko ahalegina egin dezan ahal duen heinean.

Foroak, topaketak, jardunaldiak, hitzaldiak, zinema emanaldiak... urte osoan izango da ingurumenarekin loturiko ekitaldiren bat Gasteizen. Irailean, esaterako, Civitas izeneko foroa egingo dute, eta bertan hirietako mugikortasun iraunkorraren erronkei buruz eztabaidatuko dute mundu osoko 350 adituk baino gehiagok. Era berean, 2014ko Europako Hiriburu Berdea aukeratzeko ekitaldia antolatuko du ekainean, eta saria eskuratzeko lehiatuko diren hirietako dozenaka ordezkari hartuko ditu hiriak.

Edozein modutan, Europako Hiriburu Berdea, oparia ez ezik, erronka ere izango da hiriarentzat. Izan ere, Gasteizek datozen urteetan garatu beharreko hainbat konpromiso hartu ditu Europan, eta lan franko egin beharko du horiek betetzeko. Besteak beste, hauek dira udalaren konpromisoak: parkeak zaintzea eta trenaren lurperatzearekin sortuko den eremuari izaera naturala ematea, airearen kalitatea hobetzea, garraio publikoaren erabilera %7tik %15era igotzea, CO2 isurketak murriztea, Gasteizko mendien bioaniztasuna bermatzea eta zaborra modu eraginkorrago batean kudeatzea. Hortaz, Gasteizek, aurrerantzean mundu osoan iraunkortasunaren eredu izan nahi badu, esparru askotan egin beharko ditu etxeko lanak datozen urteetan.

Idoia Garmendia. Gasteizko Ingurumen zinegotzia

«Gasteizek betiko izango du berdearen nortasun ikurra»

Gasteizko Ingurumen zinegotziak argi dauka alderdien, ingurumen alorreko teknikarien eta herritarren meritua izan dela Gasteizek Europako Hiriburu Berdearen izendapena jaso izana.

E. Begiristain Gasteiz

Idoia Garmendia zinegotziak (Gasteiz, 1967) uste du ingurumen arloan oraindik lan asko dagoela egiteko.

Izendatzeak zer ekarriko dio hiriari?

Garrantzi handia dauka. Hiria harro egoteko moduko izendapena da. Merezi du Gasteizek sari hau, 30 urte luzez lan eskerga egin delako ingurumen arloan eta udal gobernuek apustu politiko zehatza egin dutelako norabide jakin batean. Horren ondorioz, Gasteizko nortasun ikurra bilakatu da berdea. Herritarrek ongi barneratu dute hori guztia, harro daude hiriarekin, eta hemendik aurrera Gasteizek betiko izango du nortasun ikur hori.

Zer nota jarriko zenioke Gasteizko ingurumen atalari?

8,5eko nota jarriko nioke, gutxienez. Nota egokia dela uste dut, ez diogulako guk geure buruari jarri, kanpotik etorri delako aitortza. Kontuan hartzen badugu Hiriburu Berdea izateko Europako hiri asko lehiatu direla eta lehen aldiz saritu dutela tamaina erdiko hiri bat, nahiko nota ona dela uste dut. Hala ere, oraindik gauza asko ditugu egiteko, eta hainbat arlotan hobetu beharra daukagu.

Zertan hobetu behar da?

Zumeak jarrita dauzkagu eta urte luzetako lanaren emaitzak onak izan dira. Hala ere, gauza asko daude egiteko. Aurten hogei plan garatu nahi ditugu, eta beste hamar datozen hiru urteetan. Besteak beste, erronken artean hauek ditugu: Eraztun Berdea erabat amaitzea, Zadorra ibaiaren uholde planak burutzea, Mugikortasun Plana garatzen jarraitzea, auto pribatuaren erabilera gutxitzen joatea, hondakinen kudeaketa hobetzea, ur kontsumo eraginkorragoa bilatzea, bioaniztasunaren aldeko apustua indartzea eta zenbait eraikin zaharberritzea.

2012tik harago doazen erronkak dira, ezta?

Bai, hala da. Legealdi honetan garatu nahi ditugu plan horiek. Eraztun Berdea azkarrago amai dezakegu, baina azpiegitura handiekin lotutako neurriek denbora gehiago beharko dute. Aurten, Hiriburu Berdearen izendapenaren urtean, erronka horiek zehaztu, finkatu eta garatzeko bidean jarri nahi ditugu. Besteekin ados jartzen saiatu beharko dugu, baita gainerako erakundeekin elkarlanean jardun ere. Horrez gain, Hiriburu Berdearen egitaraua martxan jarriko dugu.

Gasteiztarrek nola sumatuko dute aurten Europako Hiriburu Berdean bizi direla?

Herritarrak izendapenaren parte sentitzea da gure nahia, eta, horretarako, haien parte hartzea lortzen saiatuko gara. 2012rako programa oso bat prestatu dugu hori lortzeko. Enpresei, ikastetxeei, elkarteei... ingurumen alorrean ekarpenak egin eta parte hartu nahi duen orori parte hartzeko aukera emango diogu. Ikuspuntu tekniko eta zientifiko batetik ekitaldi ugari antolatuko ditugu hirian: jardunaldiak, mintegiak, kongresuak... Edozein ekitaldik izango du berde ukitu hori. Kalean nabaritu egingo da ingurumena udal jardunaren erdigunean jarri dugula.

Gure inguruko herriekin alderatuta, ingurumenarekiko kontzientzia handiagoa dute gasteiztarrek?

Bai, dudarik gabe. Europan saria emateko kontuan hartu diren ezaugarrietako bat gasteiztarrek ingurumenarekin duten konpromisoa izan da. Argi utzi behar da herritarren parte hartzerik gabe ezinezkoa litzatekeela sari hau lortzea.

Beraz, meritua norena da?

Meritua guztiona da. Alderdiena, ingurumen alorrean lan egin duten teknikariena eta herritarrena. Urte askoan alderdi eta teknikariek ausart jokatu dute eta arriskatu egin dute hainbat erabaki eta neurri hartzeko orduan, eta herritarrek politika horiekiko oso erantzun baikorra izan dute, horren kontzientzia handia dutelako.

Krisialdiak mugatuko al ditu ingurumen alorrean egitekoak diren proiektuak?

Ez, Gasteizen ez da halakorik gertatuko. Aurrekontuan izango diren murrizketek ez diote bereziki eragingo ingurumen atalari. Uste dut oker handia dela gobernuek ingurumen sailean murrizketak egitea, iraunkortasunean eta ingurumenean inbertsioak egiteari uztea hiriaren etorkizuna baldintzatzea delako. Sinetsita nago bizi-kalitatea eta ekonomia hobetuko direla ingurumenari bultzada ematen badiogu.






No hay comentarios:

Publicar un comentario