sábado, 27 de julio de 2019

Tejerako mendatea saihesteko obrak, impakto handia

Gesaltza Añana erditik zeharkatzen duen A-2622 errepidea konpontzeko proiektua publiko egin du Arabako Foru Aldundiak. DAIR ingeniaritza-enpresak egin duen ikerketan bi proiektu jasotzen dira: batetik, La Tejerako mendatearen alternatiba, eta bestetik, Gesaltza Añanako saihesbidea. Bi egitasmoen zatirik handiena Añanako Diapiroaren Babesgunetik igaroko litzateke, eta inpaktu handia izango luke bertan.s

Enpresak berak aurkeztu duen proiektuan ingurunearen "hauskortasuna" eta "balizko kalteen garrantzia" aipatzen ditu. Dena den, ez du "gaindiezinezko" trabarik ikusten aurrera egiteko, eta ingurumen inpaktuaren txostenean Tejerako mendatearen inguruak eta Añanako Diapiroaren eremuak babesteko neurriak aztertzeko beharra jasotzen du.

Errepide berriek diapiroaren gainetik igarotzeak ekar ditzakeen kalteaz gainera, hauek eraikitzeko obrak La Muera errekara ur-isurketak eragin ditzakela jasotzen du ikerketak. Halaber, lehentasunezko lurzoruak eta basoak desagertuko lirateke, erkametzak eta pinu gorriak batik bat, eta Diapiroaren habitata ere kaltetuko luke.

Iragan urteko irailean Arabako Diputazioak errepide malkartsuaren konponketa egiteko ikerketa-proiektua lizitatu zuen, eta azaroan egokitu zioten azterketa DAIR ingeniaritza-enpresari, 98.000 euroan. Azken egunotan publiko egin dute ikerketa-proiektua Aldundiaren webgunean.

Lau kilometroko korridorea
Tejerako mendateari dagokionez, bost ibilbide posible proposatzen ditu proiektuak; kasu guztietan errepideak errei bat izango luke noranzko bakoitzean, eta errei bakoitzak hiru metroko zabalera eta metro bateko bazterbidea izango lituzke. Lau kilometro inguruko korridorea aurreikusten da kasu guztietan.

Tejerako bihurguneetara iritsi baino metro batzuk lehenago, errepidea hegoaldera desbideratzea proposatzen dute hiru alternatibek (A1, A2 eta B izenekoek). Laugarren proposamenak ere hegoaldera jotzea aurreikusten du, baina Tejerako mendatearen ibilbidea erabilli gabe. "Lurren mugimendu gehiago behar da, eta horrenbestez, ingurumen-eragina handiagoa litzateke", esan du enpresak. Bosgarren aukera, berriz, egungo errepidea Pauldik 200 metrora uztea da, eta iparraldera jotzea.

Hiru kilometroko saihesbidea Biloriatik
Gesaltza-Añanako saihesbideak, berriz, noranzko bakoitzean errei bat izango luke, eta errei bakoitzak 3,5 metroko zabalera eta metro bateko bazterbidea luke. A-2622 eta A-4318 errepideen arteko bidegurutzetik abiatzen dira saihesbidea egiteko planteatzen diren hiru alternatibak, hain zuzen Biloria herriko desbideratzea igarota dagoen nekazaritza bide baten gainetik.

Bertatik iparraldera jotzeko bi aukera planteatzen dira, eta hiru kilometroko distantzia zeharkatu ondoren, Gesaltza-Añanako baskulan, A-2622 errepidearekin lotzea berriro. Hegoaldera jotzeko alternatibak, ordea, lau kilometroko distantzia egingo luke eta A-2622 errepidearekin elkartuko litzateke Salinera de Añana SL enpresa parean.
Leer más...

Aldundiak usapalaren ehiza bertan behera uztea txalotu du Eguzkik

Eguzki talde ekologistek azaldu duenez, azken urteotan egin diren ikerketa guztiek agerian utzi dute europar usapala (streptopelia turtur) gero eta egoera larriagoan dagoela.

2019-2020ko ehizaldia arautzen duen foru aginduan europar usapalaren (streptopelia turtur) eta istingor txikiaren (lymnocryptes minimus) ehiza bertan behera utzi du Aldundiak, eta erabakia txalotu du Eguzki talde ekologistak. "Albiste ona da, ezbairik gabe, Eguzkirentzat eta Eguzkik bezala azken urteotan usapala babestearen alde edo, gutxienez, ehizatu daitezkeen espezieen zerrendatik ateratzearen alde egin duten elkarte ekologista eta naturazale guztientzat".

Talde ekologistak gogoratu du azken urteotan egin diren ikerketa guztiek agerian utzi dutela europar usapala gero eta egoera larriagoan dagoela. Usapal-populazioak 70. hamarkadaz geroztik hasi ziren urritzen, baina azken 20 urteotako beherakada izugarria izan da. European Bird Census Councilek egin duen segimendu-lanaren arabera, europar usapalaren populazioak %78 murriztu dira, 1980 eta 2013 urteen bitartean, eta %29, 2004 eta 2013 urteen bitartean. Iberiar Penintsulan, berriz, segimendua SEO-BirdLife elkarteak egiten du, Councilekin adostuta, SACRE programaren bidez. "Bada, Penintsulan, 1998tik (urte hartan hasi baitzen segimendua) usapalen populazioak %30 murriztu dira. Eta 2007. urteaz geroztik beherakada are nabarmenagoa izan da", azaldu du Eguzkik.

Hainbat herrialdek usapal-ehiza dagoeneko debekatu dute, baita Espainiako hainbat erkidegok ere (Kanariar Uharteek, Kantabriak, Asturiasek Valentziak). Hego Euskal Herrian momentuz Araba da espeziearen ehiza bertan behera utzi duen herrialde bakarra. Nafarroako Gobernuak dagoeneko baimendu du, eta Gipuzkoako Aldundiak ezagutzera eman duen foru aginduaren zirriborroaren arabera, litekeena da 2019-2020ko denboraldian ere usapal-ehiza baimentzea.
Leer más...