martes, 28 de febrero de 2012

Neiker proiektu bat gidatzen ari da oliotan biodiesela lortzeko produktiboenak diren mikroalgak garatzeko

Energreen proiektua Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Lankidetzarako Programa Operatiboaren barruan dago, Pirinioen eremuko integrazio ekonomikoa eta soziala indartzeko helburuarekin.

Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea ikerketa bat koordinatzen ari da mikroalgak hazteko olio kantitateari dagokionez produktiboagoak izan daitezen eta biodiesela lortzeko aprobetxatu ahal daitezen, ekonomikoki modu errentagarriagoan eta ingurumenari buruz jasangarriagoan. Ikerketak ekoizpen prozesuaren fase guztiak hartuko ditu, algen hazkuntzatik biodiesela eraldatzeraino, eta olioa ateratzeko prozesutik lortzen den hondakina ere biogas moduan aprobetxatuko da.

Ikerketan parte hartzen ari dira CENER (Energia Berriztagarrien Espainiako Zentroa), Tecnalia Research & Innovation Fundazioa, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Ingurumenaren eta Segurtasunaren Akitaniako Elkartea (APESA) eta Nekazaritzako Baliabideen Aplikazio eta Eraldaketa Zentroa (CATAR-CRITT), eta Accionaren laguntza ere badu.

Biodiesela bioerregai sintetiko eta likidoa da, bereziki olio landareen olioetatik ateratzen dena, horien artean palma edo soja. Azken urteetan, mikroalgak ere lehengai egokitzat hartzen ari dira biodiesela egiteko. Halere, ikuspegi zientifiko batetik, hobetzeko tarte handia dago mikroalgak hazteko eta hortik bioerregaia lortzeko prozesuetan.

Neiker-Tecnaliak, proiektuan inplikaturiko erakundeen taldearekin batera, soluzio teknologiko iraunkorrak eta industrian aplikatzeko modukoak eman nahi ditu, eta mikroalgen aprobetxamenduan laguntzea, energia berriztagarriko iturri izan daitezen. Proiektua Energreen deitzen da, bi urteko iraupena du eta milioi bat euroko aurrekontua; horietatik 660.000 euro FEDER funtsetatik datoz.

Neiker-Tecnaliako ikerlarien iritziz, mikroalgak hazteko metodo tradizionalak hobetu egin daitezke, alga mikroskopiko horien metabolismoa aldatuz. Erregulazio metabolikoaren helburua da mikroalgek lipido gehiago ekoiztea eta metatzea, hau da, olio gehiago. Helburu hori lortu eta gero, zientzialariek proposatu dute olioa ateratzeko eta biodiesel bihurtzeko sistema berriak garatzea, metodo kimiko tradizionalak eta euskarri magnetikoetan immobilizatutako entzimak erabiliz. Hori guztia kontuan hartuta prozedura horiek industri eskalan erabili behar direla eta ingurumena errespetatu behar dutela.

Mikroalgetatik olioa atera eta gero, biomasa hondar bat geratzen da, eta ikerlariek hori aprobetxatu nahi dute, digestio anaerobikook prozesu baten bidez biogasa lortzeko. Praktika horren arabera, hondakinari oxigenorik gabeko deskonposizio prozesu bat egiten zaio, eta hainbat gas lortzen dira.

INGURUMENA

Mikroalgek ingurumena zaintzen laguntzen dute, ez soilik jatorri berriztagarriko erregaiak ekoizten dituelako, baizik eta hazkundean industri gasetatik datozen eta planetaren berokuntza globalari eragiten dioten CO2 kantitate handiak xurgatzen dituztelako.

Gainera, biodiesela biodegradagarria da eta ez du berotegi efekturik eragiten, landareek eta zuhaitzek berehala xurgatzen dutelako errekuntzan askatzen den CO2a, petroliotik eratorritako biodieselaren kasuan ez bezala.

Energreen proiektua Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Lankidetzarako Programa Operatiboaren barruan dago, Pirinioen eremuko integrazio ekonomikoa eta soziala indartzeko helburuarekin.

Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Grapenerako Euskal Erakundeak erabateko konpromisoa dauka lehen sektoreko ekoizpen sistemen hobekuntzarekin eta lehiakortasunarekin, jarduera horretara zuzendutako soluzio zientifikoen garapenaren eta aplikazioaren bitartez.

Halaber, zentro teknologiko honen helburua nekazaritzako elikagaiak eraldatzeko industriaren, bereizgarriak dituzten produktuen eta oro har kontsumitzailearen kalitate baldintzak betetzea da, Neiker-Tecnaliak azpiegiturarik aurreratuena eta langilerik espezializatuenak ditu bere hiru negozio unitateetan jarduera garatzeko: Nekazaritzako Berrikuntza, Ingurumena eta Natura Baliabideak, eta Adostasunaren Ebaluazioa eta Laborategiko Zerbitzuak.


No hay comentarios:

Publicar un comentario