jueves, 2 de febrero de 2012

Jesuri eta Ganekogorta mendietako parke eolikoen kontrako mozioa onartu da Laudion

Astelehenean izandako osoko bilkurak Jesuri eta Ganekogorta Bizirik plataformak inguruko mendien industrializazioa bertan behera uzteko aurkeztutako mozioa onatu egin zen, talde guztien baiezko botoarekin, PSE-EE talderena izan ezik. Jesuri eta Ganekogortako mendietan zentral eolikoak jartzearen aurka “Jesuri eta Ganekogorta bizirik!” plataformak bultzatu eta Laudio udaleko osoko bilkurak onartutako mozioaren inguruko balorazioa:


Plataformatik balorazio positiboa egiten dugu urtarrilaren 30ean Laudioko osoko bilkuran aurrera ateratako mozioari dagokionez, izan ere, herri mailako eztabaida bat udalbatzara eraman baita eta bertan alderdi gehienen babesa lortu delako.


Orain arte arazo berdinaren aurrean aurkitu diren inguruko udalerrietatik, osoko bilkura batean pronuntziatu gabeko bakarrenetarikoa zen Laudiokoa. Mozio honen bidez egoera honekin bukatzea lortu dugu eta bide batez, energia-iturri berriztagarrien ezarpen arrazional eta sostengarriaren aldeko apustua egin da.


Laudioko osoko bilkuran ordezkatuta dauden taldeek arazoa kolektiboa dela ulertu dute, herritar guztiona eta gure ingurumenarena eta horregatik, erantzuna ere kolektiboa behar duela izan. Herriak berak bere burua babestu behar duen heinean, bere ondare naturala babestu behar du. Jesuri eta Ganekogortako mendi inguruneetan zentral eolikoen eraikitzea ondare naturalaren aurkako eraso jasanezina eta konponezina suposatzen du. Energia berriztagarriak gaurtik hasita eta etorkizunera begira energia iturri nagusiak bihurtu behar dira, baina horrek ez du esan nahi edonola eta edonon hauen aprobetxamendu eta lorpenerako instalazioak eraiki daitezkeenik. Energia iturria berriztagarria izateak ez du inondik inora ziurtatzen sostengarria denik, izan ere, sostengarri izan dadin faktore ezberdinak (fauna, landaretza, paisaia, instalazioaren ezaugarriak, etab.) modu arduratsu batean kontuan hartu behar baitira. Gure ustez hau gaur egun egiten ez den zerbait da.

Bukatzeko, lan honetan lagundu diguten gizabanako eta talde zein elkarte guztiei eskerrak eman nahi genizkieke.



No hay comentarios:

Publicar un comentario