Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta Neiker-Tecnaliaren artean egindako azterketa batek erakutsi du garrantzitsua dela klima aldaketari eutsiko dioten pinu aldaera berriak bilatzea. Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) radiata pinua ur falta gutxien toleratzen duenetakoa da.
Radiata pinua EAEko basoetako zuhaitz espezie nagusia da eta, beste pinu mota batzuk bezala, ur falta da biziraupenari eta produktibitateari gehien eragiten dien faktoreetakoa. Orain arte, EAEko plubiometria ugari eta erregularrak lagundu egin du espezie horren hazkuntzan eta produktibitate handian, baina litekeena da datozen urteetan egoera hori aldatzea, klima aldaketaren inguruko iragarpenen arabera, batez besteko tenperaturak igotzen badira eta lehorte garaiak ugariagoak eta sakonagoak badira.
Horrenbestez, beharrezkoa dirudi radiata pinuaren aldaera berriak sartzeak, klima aldaketari hobeto erantzungo diotenak. Horrez gain, esanguratsua da EAEko radiata pinua izan zela ur falta gehien nozitu zuen ekotipoetakoa izatea.
Lehortearekiko toleranteagoak izango diren radiata pinuaren beste aldaera batzuk sartzeak ez du ondorio negatiborik izango EAEn dagoen biodibertsitatearen inguruan, aldaera baten ordez beste bat jarri besterik ez da egingo eta. Ikerketak eragin handia du EAEko egurgintzaren industriarako, labore nagusietakoa radiata pinua baita, oso produktiboa delako eta egurraren kalitatea handia delako. Sektorearen hobekuntza programen barruan aldaerarik egokienak kontuan hartu ahal izango dira.
NURIA DE DIEGO
Ur eskasia handiagoa izango dela-eta horrek baso masetan izango duen eragina erakutsiko duen eszenatokia simulatzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak emandako beka bati esker doktoratu den Nuria De Diegok, Neiker-Tecnaliako eta EHUren Landare Biologiako Sailaren espezialistekin batera, munduko zenbait gune klimatiko eta geografikotako radiata pinuaren hainbat ekotipok edo aldaerak estres hidrikoko egoeretan ematen duten erantzuna ebaluatu dute.
Azterketa joan den otsailaren 16an defenditu zen, "Respuesta a la sequía del Pinus radiata D. Don y su implicación en los procesos de tolerancia" izenburuarekin. De Diegok egindako ikerketaren zati bat aurki argitaratuko da, basogintzaren inguruan dagoen aldizkari garrantzitsuenetako batean: 'Tree Pysiology'.
Azterketan, EAEko jatorriko radiata pinuaren aldaerarekin lan egiteaz gain, Australiako eta Zeelanda Berriko beste ekotipo batzuk ere landu ziren. Bateko eta besteko barietateei hil bateko lehorte ziklo bat ezarri zitzaien, eta berriro hidratatu ziren, biziberritzeko duten ahalmena ebaluatzeko.
Ondoren, urik gabeko beste ziklo bat ezarri zitzaien, ikusteko ea, landareak gogortuta, ur faltaren aurrean egiazki portaera hobea erakusten zuten. Bigarren ziklo horren ondoren ikerketak egiaztatu zuen aldaera guztiek hobetu egin zutela lehortearekiko tolerantzia, eta erresistentzia zazpi eta hamaika aste bitartekoa zela, erabilitako barietateen arabera.
Aurretiaz estres hidrikoa eragin zaion radiata pinuak lehortearekiko tolerantzia handiagoa izatearen azalpena da pinuak hainbat defentsa mekanismo garatzen dituela egoera horren aurrean, hala nola doikuntza osmotikoa handitzea, mintz zelularrak egonkorragoak izatea, baita ere izerditze tasa murriztea; prozesu horiek hainbat seinale hormonalen bitartez erregulatzen dira, eta horiek ere aldatu egin ziren ekotipo desberdinetan.
Aztertutako aldaeren artean, ikerketak detektatu zuen EAEko radiata pinuaren ekotipoa dela lehortearekiko tolerantziarik txikienetakoa duela, eta gogortzeko gaitasunari buruz ere ahalmen txikia erakutsi zuen. Egokitzeko gaitasun eskas horrek pentsarazten du klima aldaketaren ondorioz gertatuko diren baldintza atmosferikoak gogortzeak kalte handia egingo diola EAEko pinudien populazioaren zati handi bati.
Azterketan egokitzeko ahalmenik handiena erakutsi zuen ekotipoa Zeelanda Berrikoetako bat izan zen, zehazki, radiata eta cedrosensis aldaeren arteko gurutzaketa bat (P. radiata var. radiata x cedrosensis). Seguruenik, egokitzeko gaitasun hobe horren arrazoia da aldaera horrek, banakakoen belaunaldi askoren ondoren, ikasi egin duela ur eskasiaren aurreko egoeretan erantzuteko gaitasun handiagoa garatzen, plubiometria txikiagoko baldintzetan landatu izan delako. Cedrosensis aldaera Cedrosen du jatorria (Behe Kalifornia, AEB).
Gainera, aztertutako aleak Zeelanda Berriko plubiometria txikiko eskualde batekoak ziren, eta ondorioz, haziek hazteko ur gutxi behar duten arbolak sortzen dituzte. Aztertutako gainerako aldaerak eta horien jatorriak hauek izan dira: P. radiata variedad binata (Zeelanda Berria), P. radiata radiata aldaera (EAE), P. radiata radiata aldaera (Zeelanda Berria), P. radiata radiata aldaera (Australia), eta horretan gainera P. radiata eta P. attenuata hibrido bat sartu zen (Zeelanda Berria), tolerantziaren eredu gisa, P. attenuatak ur faltaren aurrean duen erresistentzia ezagunagatik.
TEKNIKA EZ SUNTSITZAILEAK
Azterketa honetan hainbat teknika ez suntsitzaile eta berritzaile erabili dira, eta analisi horiek Neiker-Tecnaliako Bioteknologiako Sailan eta EHUren Landare Biologia eta Ekologiako Sailan eta Farmazia Fakultateko zerbitzu orokorretan (SKIGER) egin ziren, beste ikerketa zentro batzurekin lankidetzan.
De Diegoren tesia EHUren eta Neiker-Tecnaliaren lankidetzaren fruitua da, eta zuzendarikideak izan dira Paloma Moncalean doktorea, Neiker-Tecnaliako Bioteknologiako Sailaren ikertzailea, eta Maite Lacuesta doktorea, EHUren Landare Biologiako eta Ekologiako Departamentuko irakasle titularra.
Tesia doktoretzaren araudi berriarekin aurkeztu den lehena izan da, eta gainera, EHUren Nazioarteko Doktoretzaren aipamena lortu du. Hori erdiesteko, ikerlariak egonaldiak egin behar izan ditu Portugalgo eta Kanadako hainbat ikerketa zentrotan eta, gainera, tesia Espainiatik kanpoko ikerketa zentroetako eta unibertsitateetako doktoreek informatu eta ebaluatu behar izan dute. Lana finantzatu duten ikerketa proiektuak izan dira MEC (AGL2006-13912-CO2-O2) eta INIA (SUM-2006-00007-CO2).
De Diegok egin duen ikerketak erakutsi duenez, radiata pinua egiazki gogortu egiten da lehortearen ondorioz eta, aldaeraren arabera, erresistentzia bikoiztu edo hirukoiztu ere egin daiteke gogortze prozesuetara jarri ez diren beste landare batzuekin alderatuz gero.
Horrez gain, egiaztatu egin du aldaeren artean ere aldeak daudela lehorteari buruzko erantzunari dagokionez, eta hori oso interesgarria da landare hobekuntzako programei begira. Egiaztapen horiek espezie honek lehortearen duen erantzuna hobetzen lagun dezake. Horrenbestez, radiata pinuak, klima aldaketarekiko egokitzapena hobetzeaz gain, biziraupena eta hazitegitik ingurune naturalerako aldaketan izan beharreko moldakortasuna ere hobe lezake, une hori bereziki delikatua baita landaketak arrakasta izateari dagokionez ere.
domingo, 22 de abril de 2012
Klima aldaketari eutsiko dioten pinu aldaera berriak bilatzea garrantzitsua da
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario