viernes, 4 de noviembre de 2011

GAROÑA ZENTRAL NUKLEARRA BESTE SEI URTE MARTXAN EGOTEKO LEHENENGO PAUSUAK EMAN DITUZTE

Ondorioz, dagokien administrazioei euskal gizartearen eskaerei kasu egitea eskatzen diegu, Garoña berehala itxiz eta Estatuan dauden zentral nuklear guztiak ixteko programa bat martxan jarriz.

Nuclenor-rek, Garoñako zentral nuklearraren jabeak eta General Electric (GE) enpresak gutxienez sei urteko iraungitze data izango duen akordioa sinatu dute. Honen bidez, zentralaren erreaktorea diseinatu eta martxan den urteetan haien funtzionamendu egokiaz arduratu den GE-k hurrengo sei urteetan ere zentralaren mantentze lanetaz arduratuko da. Gainera, akordio hau hamar urte gehiagorako luzatzeko aukera ere aintzat hartu dute eta.

Akordio honek argi uzten du, bi erakunde hauek ez dutela 2013an zentrala ixteko erabakia kontuan hartzen. Hau modu zuzenean lotuta dago, aurtengo azaroaren 20an ospatuko diren espainar hauteskundeekin, izan ere, PP garailea izatekotan energia nuklearrak berriro indarra hartuko luke. Alderdi honek, apostu argia egin du energia ekoizteko modu honengatik behin baino gehiagotan eta hauteskundetarako programan zehatz mehatz aipatzen ez duen arren Garoña zabalik mantentzea haien helburuetako bat da. Lehendik, PPk Garoña zabalik jarraitzearen aldeko adierazpenetan gainera 2019ra arteko epea aipatu izan du eta urte horretara artekoa da gorago aipatutako hitzarmena hain zuzen ere.

EGUZKI-k agintariei eta enpresen jabeei gograrazi nahi die Garoñako zentral nuklearra martxan jarri zutenean, 1971an, 40 urteko bizia iragarri ziotela. Balizko bizi hau oinarritzat harturik, Garoña zabalik mantendu ahalko lukete 2011.urtera arte, hau da urte honetan bertan, Garoña itxita egon beharko litzateke. Guk honako hau galdetzen diogu geure buruari: benetan segurua da Garoñaren ezaugarriak dituen zentral bat 40 urte baino gehiago zabalik edukitzea?

Gainera, aste honetan jakin izan dugu Zaragozako Fiskaltzak zentralak Ebroko urak baimenduta dagoena baino gehiago berotzen ote duen ikertzen hasia dela. Hau Garoñako zentralaren behin betiko eta berehalako itxiera eskatzeko beste arrazoietako bat.

Baina EGUZKIren ardura ez da zentral honetara soilik mugatzen, gure ustez ez dago energia nuklearraren erabilera bermatuko duen irizpide ekonomiko, ekologiko eta demokratikorik, beraz, zentral nuklear guztien itxiera eskatzen dugu, gizartearen eskaerei so eginez eta osasungarria eta arriskurik gabeko energian oinarritutako ekonomia eredu iraunkor baten alde eginez eta bide batez, politika nuklearra alde batera utziz.

Honekin batera, eztabaida energetikoa ez dela energia nuklearrak mix energetikoan hartzen duen lekuan oinarritzen gogorazi nahi dugu, energia aurreztean, eraginkortasunean eta energia ekoizteko modu alternatiboetan oinarrituta egon behar da eta.

Azkenik, herritarroi jakinarazi nahi diegu Espainiar Estatuak energia saldu egiten duela, hau da estatuak behar baino energia gehiago ekoizten du. 2010eko abenduaren 31ko datuei so eginez, Espainar Estatuak 99.000MW-ko potentzia instalatuta dauka, gehiegizko kontsumoa 44.000MW baino ez denean. Beraz, kontsumoak ere ez du gure osasunerako oso arriskutsuak diren energia ekoizteko modu hauek mantentzea bermatzen.

Ondorioz, dagokien administrazioei euskal gizartearen eskaerei kasu egitea eskatzen diegu, Garoña berehala itxiz eta Estatuan dauden zentral nuklear guztiak ixteko programa bat martxan jarriz. Honekin batera, alderdi politikoei eskatzen diegu hemendik gutxira ospatuko diren hauteskundeak baino lehen haien programetan zein energia-estrategia jarraituko duten argi uztea. Horrela, herritarrok modu askean eta informazio guztiaren jabe izanda bozkatzeko aukera izan dezagun.


GAROÑA ITXI ORAIN!!

2011ko azaroaren 3an


No hay comentarios:

Publicar un comentario