viernes, 30 de diciembre de 2011

ESPAINIAR GOBERNU BERRIAK EZ DU GAROÑA ITXI NAHI

Atzo bertan, Jose Manuel Soriak, Espainiako Industria, Energia eta Turismoa ministroak gobernu berriaren politika energetikoaren zein izango den erdizka erakutsi zuen. Espainiako Gobernuaren ustez 2012ko lehenengo hiruhilabetean faktura elektrikoa ez igotzeko gaur egun martxan dauden energia ekoizteko sistema guztiak mantentzea ezinbestekoa da.

Honek, gobernuak energia ekoizteko plana eraldatzeko asmorik ez duela esan nahi du. Beraz, estatuak daukan mix energetikoan energia mota bakoitzaren pisua mantenduko da, hau da, energia ekoizteko sistema tradizional eta kutsakorren aldeko apustu garbia egiten du PPko gobernuak. Izan ere, ministroaren esanetan energia berriztagarriak indartzea gain-kostua da eta ez estatuak, ez herritarrek eta ezta enpresa elektrikoek ere ezin diote gastu berri horri aurre egin. Baieztapen hau erdizkako egia da, hiru aldagai horien artean zailtasun ekonomikoak dituzten bakarrak herritarrak dira beste bien egoera oso bestelakoa da enpresa elektrikoen kasuan batez ere. Azkenengo hauek, ez daukate energia berriztagarriak jartzeko dirurik baina bai energia iturri tradizionalak eta kutsakorrak lortzeko metodo berri eta erasokorretan ikertzeko, fracking-a honen adibide garbia da.

Beste aldetik, Ministroak amortizatutako energia azpiegiturak erabiltzea onetsi zuen eta horien artean Garoñako zentral nuklearra dago. Espainiako Gobernuak zentral honen inguruan erabakirik hartu ez duen arren, gobernuak zentrala ixteko arrazoirik ez dagoela uste du. Beraz, Garoñako zentral nuklearraren jarduna sei urte gehiagoz luzatu ahal izango litzatekeela uste du. Jarrera honi indarra emateko Industria Ministroak CSNak, Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak 2009an prestatutako txostenean, Garoñaren jarduera epea hamar urtekoa zela esan zuela aipatu zuen.

Hala ere, CSNaren ebazpenak ez ditu gobernuak derrigortzen, horren adibide da PSOEko gobernuak 2013ko uztailaren 1ean, zentral nuklearra ixteko hartu zuen erabakia. Erabaki honen ondorioz Enresa enpresak pasadan astean Garoña desmuntatzeko plana aurkeztu zuen. Baina, plan hau bertan bera geratzeko arriskua dago gobernu berriak Garoñako zentral nuklearraren jarduera baimena luzatzeko nahia daukala ematen du eta.

Baina, ministroak ez zuen aipatu, Garoñako zentralak CSNak egindako estres frogak pasa zituela baina bere segurtasuna bermatzeko zentralean ezinbesteko aldaketa ugari egin behar dituzte. Hau da, gobernuak Garoña bizirik mantendu nahi badu inbertsioak egin beharko lituzke. Baina, gobernuak ez dauka dirurik, ezta? Gainera, Europako Batzordeak azterketa hauen behin-betiko erabakia 2012ko ekainean argitaratuko du. Hala eta guztiz ere, askotan salatu dugun bezala froga hauek gizartea lasaitzea dute helburua izan ere, hauek gabezia ugari izateaz gain sekula ere ezingo dute energia nuklearra segurua dela baieztatu, gaur egun, ez baitugu ezaguera eta teknologia maila nahikoa energia iturri hau kontrolatu ahal izateko.

Garoña jadanik, itxita egon beharko litzateke 40 urte martxan egoteko diseinatua izan baitzen eta jadanik 42 urte dauzkalako. Gainera, mota honetako erabaki batek Espainiak berriro ere energia nuklearraren bidea hartzea suposatzen du eta beraz, Europako herrialde askok (Alemania, Belgika edota Suitza) energia mota hau alde batera uzteko bidetik alde egitea. Gainera, gure auzokidea den Frantzian arreta jartzen badugu, herrialde horretako Industria eta Energia Ministroak, Éric Besson-ek orain dela denbora gutxi 2050.urtea ikuspegia izanda politika energetikoa egiteko aholkularitza batzorde bat martxan jarri zuen. Batzorde honetan hainbat lan eremu kontuan hartu beharko lituzkete eta horien artean zentral nuklear guztien itxiera ere.

EGUZKI TALDE EKOLOGISTAK Jose Manuel Soria ministroari eskatzen dio:
1. Euskal Herriaren hitza eta Legebiltzarrak, EAJ, PSOE eta ERC-IU-ICVren botoekin Garoña 2013an ixteko hartutako erabakia errespetatzeko.
2. Estatuaren arazo ekonomikoak dituenaren argudioa alde batera uzteko. Garoñaren desmuntaia egiteko plana mantenduz eta energia berriztagarrien alde egitea. Gainera, zentralak martxan jarraitzen badu lor daitezkeen lanpostu kopuru berbera edota gehiago honen desmuntaiarekin ere lor daitezke.
3. Balizkoa izan daitekeen istripu nuklear batetan, bere erantzukizuna onartzeko. Izan ere istripu hauek, gizakiaren esku daude, segurtasunik gabekoa, garestia, aurreikusi ezina eta hondakinak guztiok onartu behar ditugun eredu energetiko baten ondorio dira eta. Eredu honek gainera, argi eta garbi uzten du milioika urte irauten duen erradiaktibitatearen ondorioak ezin ditugula kontrolatu.
Laburbiltzeko, EGUZKIk energia nuklearra alde batera utzi behar dugula defendatzen du,hau erabat ezabatua izan behar da. Garoñaren bizitza luzatzeak gizarteari ez dio onurarik ekarriko baina bai industriari eta interes korporatiboei. Azkenengo hauek, haien interes propioak gizartearen nahia, osasuna eta segurtasunari gainjartzen diote.
Hau guztiagatik, zentral nuklearren segurtasuna bermatzeko gai ez baldin bagara hauek guztiak behin-betiko eta berehala ixteko eskatzen dugu.

NUKLEARRIK EZ!! GAROÑA ITXI ORAIN !!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario