lunes, 28 de diciembre de 2020

Zanbranako ehiza-barrutian miru gorri bat tiroz hil dutela salatu du Eguzkik

Fiskaltzan salatuko du Eguzkik Zabranako ehiza-barrutian miru gorri bat tiroz hil dutela. Miru gorria (Milvus milvus) “zaurgarri” gisa agertzen zen Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan, harik eta orain dela urte batzuk “galtzorian” direnen artean sailkatu zuten arte, hau da, arrisku handiena duten espezieei dagokien atalean. Izan ere, Europako eta bereziki Iberiar penintsulako miru gorrien populazioek beherakada izugarria izan dute hamarkada eskas batean. Babestutako espezieen aleak tiroz botatzea delitu bat da, kartzela-zigorra ere ekar dezakeena. Eta, hala ere, ohikoa da, kronikoa. Gure ustez, administrazio publikoek, kasu honetan Arabako Foru Aldundiak, arazo honi ez diote behar bezala aurre egiten. Are gehiago, beraien ehiza-politiken ondorio ere badela iruditzen zaigu. Eguzkik salaketa aurkeztuko du Ingurumen Fiskaltzan, antzeko beste kasu batzuk salatu dituen bezala. Badakigu horrelakoetan oso zaila dela tiro egin duena identifikatzea eta zigortzea (baita “garbi” jokatzen omen duten ehiztariez inguratuta badago ere). Baina salaketen bidez bistaratu nahi dugu hemen ingurumenaren aurkako delituak egiten ari direla, legez babestutako hegazti bat tiroz botatzea delitu izan daitekeelako, arestian esan bezala. Eta herritarrak ere animatu nahi ditugu horrelako kasuen berri dutenean publiko egitera eta salatzera. Eguzki, 2020ko abendua P.S. Atxikita, botatako mirua, adar tartean eroria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario