miércoles, 23 de diciembre de 2020

Urtarrilak 2, konzentrazioa Mendiak Aske-k deituta

Euskal Herriko mendietan zentral eolikoak eraikitzeari buruzko eztabaida duela hamarkada bat itxi zen Eusko Legebiltzarrak 2009an egitasmo eoliko horiek sostengatzen zituen Lurraldeko Arlokako Plana indargabetuz. Orain, beharrezkoak diren administrazio-prozedurak saihestuz, berriz inposatzen dizkigute garai hartan bertan behera utzi ziren kokalekuak. Eusko Jaurlaritzak ez du, besteak beste, Lurraldearen Antolamendurako Gidalerro berri eta aurreratuenen oinarrizko araua errespetatzen, izan ere, arauan jasota dago inolako egitasmo eolikorik bultzatu aurretik onartua egon behar dela Energia Eolikoaren Lurraldeko Arlokako Plana. Ondorioz, ezin dira kokalekuak markatu, ezta ekintzak izapidetu ere, Plana behar bezala onartu eta indarrean egon arte. Zentzugabekeria administratibo baten aurrean gaude, sakonean eta forman. 2009. urtean agerian geratu ziren akats berberei eusten die Eusko Jaurlaritzak gaur egun ere. Azken hamarkadan teknologiak, gizartearen kontzientziazioak eta araudiak izan duten aurrerapenak oraindik ere onartezinago egiten dute eredu hori gure herriarentzat energia-irtenbide gisa aukeratzea. Aipatu behar da bere garaian beste aukera batzuk planteatu zirela, hala nola Arabako Mugarri Plana, zeinak ezarritako energia berriztagarrien helburuak betetzea lortzen zituen azpiegitura energetikoak antropizatutako eremuetan ezarriz eta ingurune naturaletan eraginik izan gabe. Mugarri Plan hau eguneratzea ezinbestekotzat jotzen dugu herri honek egin behar duen trantsizio energetikoa arduratsua izan dadin. Salatu nahi dugu, beraz, Eusko Jaurlaritzak inposatu nahi dizkigun proiektuak ez datozela bat beharrezkoak diren prozedura, plan eta programekin, ez datozela bat egungo esparru eta aukera teknologikoekin, eta mespretxatu egiten dituztela hain baliotsuak diren ingurune naturalak. Eta ez hori bakarrik, ez dituzte kontuan hartzen jada legez ezarrita dauden babes-figurak ere, hala nola Kontserbazio Bereziko Eremuak eta hegazti nekrofagoak kudeatzeko plan bateratua. Era berean, de facto, eskema horrek Arabako Foru Aldundiaren ingurumen-zerbitzuak azken urte luzetan garatutako printzipio eta politikak alde batera uzten ditu, adibidez, lurraldeko eremu naturalen biziraupena bermatu eta defendatzea bertako kultura- eta paisaia-balioekin eta abarrekin batera. Eremu natural menditsuak zentral eolikoak egiteko kokaleku bezala salbuetsitako eremu izendatzea premiaz eskatzen dugu, berandu baino lehen. Ebidentzia hauek kontuan hartuta, zergatik jarraitzen da ideia zahar honekin? Azter ditzagun dagoeneko gainditutzat eman beharko litzatekeen eredu horrek zer suposatzen duen: 1-Sekularki erabilerako eta kudeaketa publikoko eremuak pribatizatzea; izan ere, orain arte kudeaketa komunitarioa izan da eremu hauen biziraupenaren gakoetako bat. Jabetza pribatuak ezin ditu mendi publikoak bahitu. 2-Eremu naturalen industrializazioa. Paraje ederretan dauden errota eolikoen irudi idilikoekin bonbardatzen gaituzte, industria horren eta natura-ingurunearen arteko ustezko elkarbizitza mesedegarri bat barnera dezagun saiatuz eta hori ez da horrela... Azpiegitura hauek ingurune naturalak eskaintzen dizkigun ingurumen- eta kultura-zerbitzuei erabateko kaltea eragiten die eta, gainera, suntsitzen dena memoria kolektibotik galtzen da betiko. 3- Biodibertsitate galera. Adibidez, hegaztien kasua aipatuta, errota bakoitzeko hegaztien heriotzen batez bestekoa 2 putre/errota/urtean dago. Bai errotek eta baita hauei lotutako azpiegiturek balio handiko baso-azaleraren eta lotutako ekosistemen galera onartezinak dakartzate. 4-Energiaren sorkuntza eta banaketa behingoz modu sozial eta demokratikoan egiteko aukera galtzen da. Iritsi da ordua oinarrizko baliabide hori makro-enpresa gutxi batzuetan egoteari uzteko. Herritar bakoitzak energiaren sorkuntzan eta kudeaketan parte hartzeko unea da 5-Inpaktu atzeraezinak. 5.1 Muga administratiboak gainditzen dituzten ekosistemak eta haien biodibertsitatea behar bezala babesten direla bermatzeko babes-eremuen lerro artifizialen muga ez da nahikoa. Espezieak modu naturalean hedatzen dira lurraldean zehar eta haien bizi-mugimenduak babestu egin behar dira. 5.2. Akuiferoetan, hidrologian, iturrietan eta abarretan duen eragin kaltegarria. 5.3. Proposatutako eremu batean berriki izandako lur-erorketek erakusten duten bezala, inpaktu geoteknikoa. 5.4. Eragin akustikon kaltegarria zentral eolikoen inguruko eremuetan. 5.5 Instalazio horien funtzionamenduaren ondoriozko olio-isurketak 5.6. Eraikuntzarekin eta mantentze-lanekin lotutako trafiko astuna. 5.7. Lotutako azpiegituren inpaktu larria, hala nola pistak, ebakuazio-linea elektrikoak, azpiestazioak, etab. 5.8. Mendien nortasuna galtzea, ezagutu izan ditugun moduan 5.9. Paisaiaren eragina. ONDORIOAK/ALDARRIKAPENAK Politika horien inposaketa salatzen dugu, klima-aldaketa arintzen ez laguntzeaz gain, haren iraupena elikatzen baitute. Eremu menditsuak jarduera horietarako baztertzea Adostutako energia-eredu demokratiko eta soziala sortzea Abian dauden proiektuak berehala geldiaraztea Proiektu hauek suposatzen duten mehatxuaren inguruan kontzientziatu eta hauei aurre egitera deitzen dugu Arabako gizartea: KONTZENTRAZIOA Urtarrilak 2, larunbata 12:30etan Gasteizko Probintzia Plazan ENERGIA BERRIZTAGARRIA BAI, BAINA EZ HORRELA. Berriztagarriek biodibertsitatea babestearen aliatu izan behar dute. Trantsizio energetikoa eta biodibertsitatea binomio bereizezina dira, eta, beraz, lehena lortzeko helburuarekin bigarrena sakrifikatzea jokaera arriskutsu eta guztiz arduragabea da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario