domingo, 7 de junio de 2020

Aztarna ekologikoa, jasanezina

Euskal Autonomia Erkidegoaren aztarna ekologikoak jasanezina izaten jarraitzen du. Izan ere, planetako biztanle guztiek euskal biztanleen kontsumo-ereduak izango balituzte, planetan biologikoki ekoiztu den azalera 2,6 handiagoa izan beharko litzateke. Aztarna ekologiko handiena sortzen duten jarduerak energia kontsumoarekin lotutakoak dira. Planetako biztanle bakoitzak bere kontsumo beharrizanak asetzeko 1,63 hektareako azalera biologiko produktiboa du (big/pertsona); euskal gizarteak, berriz, 4,32 hektareako kontsumoa du pertsonako; hau da, munduko batez bestekoaren bikoitza baino gehiago.

Kalkulu horien arabera, euskal herritar bakoitzak, batez beste, 43.200 metro karratu lur beharko lituzke bere beharrak asetzeko; ondorioz, EAEko biztanleen kontsumoak erraz gainditzen du planetak bere eskaerari erantzuteko duen ahalmena. Horrela, planetako biztanle guztiek EAEko biztanleen kontsumo-ereduak izango balituzte, planetan biologikoki ekoiztu den azalera 2,6 handiagoa izan beharko litzateke.

Europa mailan, Euskal Autonomia Erkidegoa hemeretzigarren postuan dago, Europar Batasuneko batez bestekoa baino pixka bat beherago; izan ere, batez bestekoa 4,56 hag/pertsonakoa da. Aldiz, espainiar Estatuaren batez bestekoaren gainetik dago, 4,04 hag/pertsonakoa baita. Hala eta guztiz ere, nahiz eta kontsumo-eredu jasangarririk ez izan, Euskal Autonomia Erkidegoak aztarna ekologikoa %7 murriztea lortu du 2001etik. Aztarna ekologiko handiena sortzen duten jarduerak energia kontsumoarekin lotuta daudenak dira, aztarnaren %50 baino gehiago sortzen baitute; laborantzak %17, arrantzak %14 eta basoek %10. Larreek eta azpiegiturek aztarnaren %6 eta %1 sortzen dute, hurrenez hurren.

No hay comentarios:

Publicar un comentario