Gure lurraldeko mendietako zentral eolikoen kokapenari buruzko eztabaida duela hamarkada bat itxi zen. Eusko Legebiltzarrak berak, 2009an aho batez, indargabetu zuen lehengo energia eolikoen Lurralde Plangintza Sektoriala. Plan horretan, gaur egun mahai gainean jartzen gaituzten lekuak baztertu ziren. Ingurumenaren gaineko eragin defendaezina duten eta orain klima-aldaketaren aurkako hobekuntza gisa aurkeztu ezin diren kokalekuak. Gainera, zentral eolikodun mendikateen zerrenda luzatu nahi dute, beraien ergelkeria disimula ezina agerian utziz. Horrekin, adostasun zabalak urratzen ari dira. Besteak beste, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen oinarrizko araua errespetatzea eta gidalerro horietatik eratorritako lurralde-plan sektoriala, gaur egun oraindik onartu gabe dagoena. Ezin dira kokalekuak markatu, ezta ekintzak izapidetu ere, esparru hori ezarri gabe. Eremu natural horien babesa barne hartzen duen esparru bat behar dugu, balio ekosistemiko aitortuak dituen eta desagertzeko arrisku nabarmena duen eremu bat babesteko. Eusko Jaurlaritzak eta Iberdrolak aurkeztutako energia eolikoa ekoizteko zentral guztiak leku babestuetan daude, hala nola Kontserbazio Bereziko Eremuetan, hegazti nekrofagoak kudeatzeko plan bateratuetako kokalekuetan, EAEko Espazio Berezi eta Bikainen katalogoetan agertzen direnak edo eremu horien arteko konexiorako garrantzi handia duten kokapenetan. Hauen artean, korridore ekologikoen bidez komunikatzen diren naturguneak ditugu. Korridore horien arteko lotura ezinbestekoa da faunaren biziraupenerako. Haien isolamendua saihesten da, eta espezieen mugikortasun geografikoa eta truke genetikoa bermatzen dira. Proiektu hauek bertan behera uzten dituzte Arabako Foru Aldundiak garatutako printzipioak eta politikak, lurraldeko eremu naturalen, ingurumen-zerbitzuen eta kultura- eta paisaia-balioen biziraupena bermatzeko eta defendatzeko sortuak. Arabako lurraldeko mendietan inposatu nahi dituzten azpiegitura grisek bioaniztasunaren galera konponezina ekarriko lukete. Ez, Tapia andrea; ez, Ramiro Gonzalez jauna; ez, Josean Galera jauna; ez, Añartz Gorrotxategi jauna; PROYEKTU HAUEK EZ DIRA BATERAGARRIAK HAIEK BABESTEAREKIN. Balio natural handiko espazioen industrializazioak suntsitu egiten ditu, baita bertan dauden izaki bizidunak ere. Industrializazio horren sustatzailea Aixeindar enpresa da, eta Energiaren Euskal Erakundearen % 40ko eta Iberdrolaren % 60ko partaidetza du. Baina memoria daukagu, eta badakigu duela 14 urte Eusko Jaurlaritzak jokaldi bera egin zuela Eólicas de Euskadi izeneko enpresa batekin, eta berehala saldu ziola Iberdrolari bere partaidetza. Guk esaten dugu eredu horrek ez gaituela errepresentatzen, ez dela autosufizientziaren sinonimoa, ez duela herrialdea eraikitzen, eta ez duela lurraldea bizitzarekin lotzen. Suntsitu egiten du. Gainera, arduragabe hauek bultzatu duten adostasun bakarra Iberdrola empresa multinazionalarekin izan da. Gaur Maeztun gaude, Arraia-Maeztuko udaletxearen aurrean, bertako mendietan bi zentral eoliko daudelako aurreikusita, bata Entzian, Iturrietako Mendietan eta bestea Azazetan. Laminoriako harrobiarekin batera, naturaren eta herri-lurren galera konponezina ekarriko lukete... Non dago alkatetza espazio hauek babesteko? Anartz, entzun, natura bidelagun! Politika horien inposaketa salatzen dugu, klima-aldaketa arintzen ez laguntzeaz gain, berau elikatzen baitute. Naturaguneak suntsitzea eta horiek babestea bateraezinak dira. Premiaz eta behin betiko eskatzen dugu mendi-eremu guztiak bazterketa-eremu izendatzea, Mugarri Planari jarraituz, plan hori talde politiko guztiek onartu zuten eta. Halaber, abian diren proiektuak eta astero entzuten diren proiektu berriak berehala geldiaraztea eskatzen dugu. Gure bidea adostutako eredu energetiko demokratiko eta sozial bat sortzea da, energia banatuan, efizientzian eta aurreztean oinarritua. Energiarik onena, kontsumitzen ez dena da. Haien mezuek ez gaituzte engainatzen, gero eta pertsona gehiago, gero eta kolektibo gehiago, gero eta gizarte-eragile gehiago gara nahikoa dela esaten ari garenak. Esaten ari gara: ENERGIA BERRIZTAGARRIA BAI, BAINA HORRELA EZ! berriztagarriek biodibertsitatea babestearen aliatu izan behar dute. Trantsizio energetikoa eta biodibertsitatea binomio bereizezina dira, eta, beraz, lehenengoa bigarrena sakrifikatuz lortzea helburu arriskutsua eta arduragabea da. Mendiak Babestu ditzagun!
sábado, 24 de abril de 2021
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario