sábado, 30 de enero de 2021

Trantsizio ekologiko eta soziala bultzatzeko urratsak eskatzen jarraituko du ‘Aldaketaldia’ mugimendua

Mugimendu ekologistak eta sindikalistak bultzatutako Aldaketaldia mugimenduak elkarretaratzea burutu du larunbat honetan Gasteizko Plaza Berrian, herri eta hiri ezberdinetan egin duen bezala. «Beharrezkoa da norabide aldaketa sakona exijitu eta trantsizio ekologiko eta sozialki justu baten alde urratsak emango dituen jendartea aktibatu eta saretzea. Argi dugu bizitzaren aldeko norabide-aldaketa hori ez dela gauzatuko horren alde egiten duen euskal gizarte aktibo eta saretua ez badugu«, azpimarratu dute. Mugimenduko kideek adierazi dutenez, larunbatean oraindik ez da ezer amaitu: ondorengo egunetan ere larrialdi ekologikoari lotutako salaketa eta aldarrikapen-ekintzak egingo dituzte Euskal Herriko toki ezberdinetan. Zaldibar, 365 egun eta erantzun gutxi Elkarretaratzean ere otsailaren 6an Zaldibarko zabortegia bertan behera erori zeneko urteurrena gogoratu nahi izan dute: «Argi geratu da Euskal Herrian, ingurumen alorrean, gauzak ez direla ondo egin eta ez direla ondo egiten ari». Zentzu honetan, Aldaketaldia mugimenduak ezinbestekoa ikusten du krisi globala herriz-herri bistaratzea, planetari gertatzen ari zaiona gurean hasten dela argi adieraztea. «Gaurkoa lokala eta globala uztartzeko ekimena izatea nahi dugu eta ingurumen larrialdi honi eraginkortasun handiagoz aurre egiteko abiapuntua», ondorioztatu dute.

..

No hay comentarios:

Publicar un comentario