jueves, 23 de abril de 2026

Iazko itzalaldi masibotik urtebetera, zer ikasi dugu?

Tren-zerbitzuek, semaforoek, industriek, komunikazioek, ospitaleek eta, azken batean, herritar guztiek, modu batera edo bestera, pairatu zuten iazko apirilaren 28ko itzalaldi handi a. Ikerketen arabera, hura izan zen gehiegizko tentsioek sarean sortutako kate-erreakzio baten ondorio, sistema elektrikoaren koordinazio- eta kudeaketa-arazoek areagotuta. Nork zer erantzukizun izan zuen esleitzeko polemika handia izan da, baina gu ez gara horretan sartuko. Guk nabarmendu nahi duguna zera da, itzalaldiak leku gehienetan ordu gutxi iraun zuen arren, gure ahuleziak oso-oso agerian utzi zituela. Agerian utzi zuen berriro ere elkarren mendeko izakiak ez ezik, izaki ekodependienteak ere bagarela… eta ataka hartan ahal bezala jardun ginen. Baina egoera larri guztietatik bezala, sistema “doitu” egin behar dela konstatatzeaz gain, ikasgairen bat atera beharko genuke, ezta? Ez dirudi, ordea, urtebete geroago atera dugunik, ez energia elektrikoarekiko dugun muturreko mendetasunari dagokionez, behintzat. Izan ere, mendekotasun hori maila historikoetara iritsi da, gure bizitzako ia alor guztiak eta bakoitza gobernatzen dituzten digitalizazioak eta automatizazioak bultzatuta. Mendetasun horrek, baina, gero eta zaurgarriago bihurtzen gaitu. Gero eta zailagoa da bermatzea energia-hornidura eskuragarri, seguru eta, aldi berean, ingurumena errespetatu eta klima-larrialdia areagotuko ez duena. Are zailago Ekialde Ertaineko gerra-testuinguruan. Itzalaldian, inoiz baino argiago ikusi genuen dena kableen bidez konektatuta egoteak dakarren arriskua. Energiarik gabe ez dago ez telebistarik, ez hozkailurik, ez igogailurik, ez gaixo askok bizitzeko behar duten aparaturik ere. Egun hartan, deigarria izan zen merkataritza-gune handiek pertsiana jaitsi behar izan zutela, ez kutxa erregistratzaileek ez datafonoek ez zutelako funtzionatzen–; auzoko dendek, aldiz, linternak, pilak edota jatekoak eskuratzeko aukera eman ziguten, askotan fidatuta eman ere. Bitxia; txikiek ekarpen handiagoa egin zuten handiek baino. Egoeraren jarraipena egiteko, berriz, bat baino gehiago aitonaren irrati zaharraz baliatu zen. Baliabideak, herriak eta pertsonak zurrupatzen ditu sistema kapitalistak, eta horren parte gara gu. Hornidura elektrikoaren mende bizi gara, eta hornidura hori kontrolatzen duenaren mende. Teknologia elektronikoa energiarik gabe ez da ezer; pizten ez den ordenagailu batek ez du ekarpenik egiten. Elektrizitaterik gabeko mundu bat ez da nobela edo filmeetan soilik ikus dezakegun distopia, oso aukera erreala baizik, iazko apirilaren 28an igarri ahal izan genuen bezala. Itzalaldiko lezioak politika publikoetan eragina izan beharko luke, noski, baita norbanakoon erabakietan ere. Energia-sare erresilienteetarantz mugitu behar gara, gure energia-iturriak dibertsifikatu eta energia-eraginkortasunean inbertitu behar dugu. Eguzkiren iritziz, itzalaldia energiaren arloko planifikazio, kudeaketa eta kontrol demokratikorik ezaren ondorio zuzena izan zen. Arlo horretan ere, beste askotan bezala, gardentasuna eta gizartearen parte-hartzea ezinbestekoak dira, beharrizan kolektiboei lehentasuna emateko, huts-hutsean beraien interesen mesedean ari direnen aurrean. Horiek, planetaren baliabide naturalak kontsumitzeaz gain, gure egunerokoa ere beraien interesen arabera bideratzen dute, itzalaldia edo beste ezbeharrak gertatzen diren arte. Azken batean, gogoetarako galdera klasikoa: kontsumitzen dugu edo kontsumitzen gaituzte? EGUZKI, 2026ko apirila

No hay comentarios:

Publicar un comentario