lunes, 8 de mayo de 2023

Eguzki talde ekologistak gogor kritikatu du nola egiten ari diren Nerbioi ibaiko lanak

Eguzki talde ekologistak oharra plazaratu du salatzeko nola egikaritzen ari diren Nerbioi ibaiko Laudioko herriguneko zatiko obrak. Lan horien helburua da uholdeak ekiditea eta 4,7 milioi euroko inbertsioa dute atzetik. Xedearekin adostasuna erakutsi arren, obrak gauzatzeko modua kritikatu du Eguzkik: "Modu zakarrean egiten ari dira, kontuan hartu gabe horrelako obra handi batzuen aurrean ingurumenean eragin daitezkeen kalteak. Ateratako bolumena 5.500 kamioi baino gehiagoren baliokidea izango da". Horrela, taldeak azpimarratu du ura kutsatzen ari dela: "Ez da bakarrik obretan dagoen zatia, baizik eta ibaia uretan behera zer baldintzatan geratzen den, egiten ari diren harri-indusketatik eratorritako solido esekien kopurua dela eta". Talde ekologistak aldarrikatu du badaudela proiektua egiteko beste bide batzuk: "Ibilgua ez okupatzeko bitartekoak daude. Jabari publiko hidraulikoaren gaineko afekzioa oso larria eta justifikaezina da. Obra bera egin daiteke, inguruneari neurri horretan eragin gabe". Azkenik, obrak horrela egiteko arrazoia hauteskunde interesak direla iradoki dute: "Ziur lanak egiteko presak zerikusi handia duela hauteskundeak gertu izatearekin".

No hay comentarios:

Publicar un comentario