jueves, 28 de septiembre de 2017

Barrongo urtegiaren beharra zalantzan jarri dute txosten tekniko berriek

Arabako Foru Aldundiak Barronen sustatzen duen urtegia zalantzan jarri dute Diputazioak berak agindu dituen txosten tekniko berriek. 182 milioi euroko inbertsioa eskatzen duen obraren azterketa sozioekonomikoaren behin behineko ondorioak aurkeztu ditu Zaragozako Nueva Cultura del Agua fundazioak, eta latzak dira emaitzak.
Haatik, azterketa ez da loteslea, eta urtegiaren obrak hasteko Espainiako Ingurumen Ministerioaren ingurumen inpaktuko azterketa soilik falta da.
Diru inbertsioa aztertu dute, lehenbizikoz, Jorge Bielsa Zaragozako Unibertsitateko doktoreak eta Andreia Frances kudeaketa hidrologikoan adituak. Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa zalantzan jarri dute: "Aurreikusi daitezkeen egoera guztietan, inbertsio publikoaren emaitza negatiboa izango da; ezingo dira berdindu hektareako kostu handiak lortuko diren irabaziekin". Ikerketaren arabera, egoera onenean 117 milioi euroko galerak izango lirateke urtegiaren eraikuntzan, eta egoera okerrenean 152 milioi euroko kalteak. 
Ureztatze planak Añanako Kuadrillara nekazariak erakartzeko izan dezakeen gaitasuna kolokan jarri dute, halaber, teknikoek."Izan ere, proiektuaren ezaugarriak ikusita, dozena bat edo bi dozena lanpostu sortu ahalko dira bakarrik", idatzi dute. Normala denez, ezin da ziurtatu han bizi direnentzat izango dela. 
Bestalde, urtegiaren eraikuntza eta finantzaketa arautzen duen hitzarmena kritikatu dute adituek: "Ez dirudi interes publikoen eta pribatuen arteko harreman orekatua dagoenik". 
Teknikoek azterketan azpimarratu dute urtegia eraikiko duen Aquaes enpresak ez duela inongo arriskurik hartzen: "Hitzarmenean argi geratzen den gauza bakarra da eraikuntza enpresak inbertsio osoa jasoko duela obra amaitzen duenean". Irakasleen esanetan, hitzarmena zuzendu eta parte hartzen dutenen artean kostuen eta irabazien banaketa egokia egin beharko litzateke.
Urmaelak eraiki
Bigarren azterketa batean, alor hidrologikoan, Barrongo asmoak dituen gabeziak agerian utzi ditu fundazioaren lanak. Jatorrizko proiektuak planteatzen duen uraren beharra "puztuta" dagoela diote teknikoek, eta obra "neurriz kanpokoa" dela. Gaur egungo beharra asetzeko, urmael txikiak eraikitzea proposatu dute: "Askoz merkeagoa izango litzateke, eta egitasmoak eragiten duen gatazka saihestuko litzateke". Barrongo urtegia justifikatzen duen eraikuntza proiektuan "akats inportanteak" aurkitu dituzte, gainera.
Ingurumenari dagokionez, txosten tekniko berrien arabera, Barrongo urtegiak eta harekin loturiko azpiegiturek ez dituzte konponduko nekazaritzak gaur egun, ura ponpatzeagatik, ibaietan eragiten dituen kalteak. Domingo Baeza Madrilgo Unibertsitate Autonomoko biologian doktoreak azaldu du: "Egitasmoak egoera ekologikoa okerragotuko du, bereziki ibaien alde hidromorfologikoan, eta kalte larriak eragingo ditu natura ingurunean eta Natura Sareko baloreetan". Ingurumen inpaktuari buruz Arabako Diputazioak bere momentuan egindako azterketak ere zalantzan jarri ditu ikerlariak, "zehaztugabeak" eta "urriak" ei direlako.
Azaroan, jardunaldiak
Joan den ostiralean, Espejon, antolatutako jardunaldian aurkeztu zituen fundazioak Barrongo urtegiari buruz egin duen azterketaren aurretiazko ondorioak.  Diputazioaren aginduz egin dute lan hau, ureztatzeko egitasmoaren inguruan martxan dagoen parte-hartze prozesuaren barruan. 
Nuria Hernandez-Mora fundazioko kideak azpimarratu duenez, azaroan aurkeztuko dituzte behin betiko emaitzak, Arabako Kontzejuen Elkartea antolatzen ari den jardunaldi publikoetan. Halaber, proiektuari buruzko inkesta bat zabaltzen ari dira, eskualdeko bizilagunen iritzia jasotzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario