domingo, 28 de febrero de 2021

«Itzali azpijokoak, piztu eskubideak” etxebizitzaren aldeko dinamika

Kaleratzeak geldiaraztea, alokairu sozialerako etxebizitza parke publikoa handitzea, eskubide horretarako sarbidean diskriminaziorik ez izatea eta oinarrizko baliabideak bermatzea dira ekimen honek eskatzen dituen aldarri nagusiak. Haien hitzetan, «larrialdi egoera hau ez du COVID-19ak eragin, birus honek ekarri duen krisiak egoera bistaratu eta larriagotu besterik ez du egin. Urgentzia egoera lehendik bizi genuen, eta erantzulea herritarron etxebizitza beharra baliatuz negozio egiten duen sistema da. Gutxi batzuen negozioa guztion eskubideen gainetik jartzen duen sistema». Horren aurrean, hurrengo hilabeteetan antolatuko dituzten ekintzen bidez hausnarketarako eta borrokarako gonbitea luzatu dute gasteiztarroi. Horretarako hurrengo aldarri nagusia hauek mahaigaineratu dituzte: Lehenik, «pertsona guztien kaleratzeak gelditu alarma egoeran eta beti». Izan ere, «kaleratzeak gelditzeko agintariek kontenplatzen duten eszenatoki posible bakarra alarma egoera batean bakarrik ematea.» salatu du ekimen honek. Bigarrenik, alokairu sozialerako etxebizitza parke publikoa handitzea eskatu dute, Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan «ez baita iristen etxebizitza-parke osoaren %2ra». Eta horrekin batera, «etxebizitzaren ordainketarako bideratzen dugun dirua mugatzea» eta «etxebizitzarako sarbidean diskriminaziorik ez izatea» ere aldarrikatu dute. Hirugarrenik, oinarrizkoak diren baliabideak bermatzeko eskatu dute, hala nola ura, elikadura, argia, gasa eta Interneterako sarbidea. “Gure hirian jendea kalean bizi da eta bakarrik urgentzia egoeretarako erabili beharko liratekeen aterpeak gainezka daude. Egoera honi aurre egiteko Udalak ez ditu beharrezko neurriak hartzen, kontrakoa egiten du egoera are gehiago larriagotzen duten ekintzekin, hau argi geratu da etxebizitza alternatibarik eskaini gabe Olarizuko bizilagunak kaleratzeko adierazi duen asmo irmoarekin”, nabarmendu du plataformak. Martxotik aurrera antolatuko dituzten ekintza eta deialdietara adi egoteko iragarri dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario