sábado, 11 de enero de 2014

Lurralde-antolakuntzak eta hirigintzak hiztunengan duten eragina aztertuko dute

Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk, Kontseiluak eta UEUk "Hizkuntza eta Lurraldea. Lurraldea eta Hizkuntza" jardunaldia antolatu dute hazkunde urbanistikoaren eta hizkuntza-aldaketaren arteko harremana aztertzeko helburuarekin. Euskal Herriko kasu batzuk ezagutzeaz gain, Aland Uharteak, Flandria eta Galeseko ordezkariak ere entzuteko aukera izango dugu bertan. Topaketak urtarrilaren 16 eta 17an egingo dira, Donostian, UPV/EHUren Carlos Santamaria zentroan. Matrikula doan da. Izena emateko: www.ueu.org

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara Zuzendariaren esanetan, jardunaldi hauen bitartez euskaraz bizi izateko baldintzak aztertu nahi dituzte: "Gipuzkoa lurralde euskalduna da. Une honetan, behintzat, errealitate soziolinguistikoari erreparatuta, Euskal Herriko herrialderik euskaldunena da Gipuzkoa, euskaraz bizi ahal izateko baldintzarik egokienak dituena.
Baldintza horiek, baina, aldakorrak izan daitezke, enpresen, pertsonen edota erakundeen jardunaren arabera. Gipuzkoako Foru Aldundiak euskaraz bizitzeko eskubidearen alde lan egingo du, eta gure hizkuntzari lehentasuna eman nahi dio. Euskaraz bizi izateko baldintza horiek aztertu nahi ditugu orain, Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldi hauen bitartez. Izan ere, geografiak hizkuntzen garapenean eragin handia duela nabarmentzen ari dira hizkuntzalariak. Beraz, Lurraldearen antolaketak hizkuntzei zertan eragiten dien aztertu nahi dugu jardunaldi akademiko hauen bidez. Azken batean, euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sortu eta bitartekoak jarri nahi baditugu, aspektu sozial guztiak hartu behar ditugu kontuan, geografia barne. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskerrak eman nahi dizkie UEMAri, Kontseiluari eta UEUri lankidetzan jarduteko erakutsi duten prestutasunagatik. Era berean, Euskal Herriko Unibertsitateari ere eskerrak eman beharrean gaude, jardunaldiak babesteko izan duten interesagatik".

Maren Belastegik, UEMAko lehendakariak euskaraz bizi diren udalerrien garrantzia azpimarratu du: "Udalerri euskaldunetan biztanleen %70ak baino gehiagok daki euskaraz, eta oro har, euskaraz bizi gara bertako herritarrok. Euskal Herrian ditugun 143 udalerri euskaldunek euskararen arnasgunerik zabalena osatzen dute, eta bertan 300.000 herritar baino gehiago bizi da. UEMAk udalerri horietako 71 biltzen ditu bere baitan. Hizkuntza batek, biziko bada, nagusi izango den eremuak behar ditu ezinbestean. Eta horregatik, udalerriok funtzio garrantzitsua dute euskararen geroan. Euskarak aranasguneak behar ditu, eta beraz, udalerri euskaldunetan egiten diren hizkuntza politikak, eta egunerokoan ditugun hizkuntz ohiturak, jarrera eta joerek eragin zuzena dute euskararengan. Horregatik, jardunaldi hauek garrantzitsuak dira guretzat, lurralde antolaketak arnasguneei dakarkien arriskuak eta aukerak ere aurreikusi ahal izango ditugu eta".

Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta UEMArekin 2012an sinatutako hitzarmena ekarri du gogora: "hitzarmen honen bidez, udalerri euskaldunak, euskaldun kopuru handiena dutenak, zaintzeko, sustatzeko eta hedatzeko konpromisoa hartu genuen. Gaur dinamika akademiko bat aurkeztera gatozkizue, euskararen arnasguneak zaintzen, sustatzen, indartzen eta hedatzen lagungarri izan daitekeelakoan. Hazkunde urbanistikoaren eta hizkuntza aldaketaren arteko harremanaz hausnartuko da jardunaldiotan. Bereziki, arnasguneei edo euskaldunen metaketa demografikoa jazotzen den guneei dagokienez. Izan ere, eragin linguistiko arras ezberdina du hiri handi batean mila etxebizitza berri eraikitzeak edo euskararen arnasgune den herri txiki batean berrehun etxe berri egiteak. Lurralde-antolakuntzaren eta hirigintzaren ohiko egitarauan hizkuntzaren gaineko ikuspegiak ere bere lekua eduki beharko lukeelakoan antolatzen da jardunaldia".
Azkenik, Unai Fernandez de Betoñok, UEUko zuzendaritzakideak eta jardunaldiko batzorde akademikoko kideak jardunaldiaren hiru helburuak zeintzuk diren azaldu du.

· Geografia eta hizkuntzaren arteko harreman estuaz hausnartzea.

· Lurralde-antolakuntzak eta hirigintzak euskararen hiztun-komunitatearengan duen eragin zuzenaz ohartaraztea.

· Eragin hori kontuan har dadin hartu beharreko neurriez hausnartzea, bai kalteak murrizteko bai onurak indartzeko.



"Hizkuntzaren eta egoera sozio-kulturalaren arteko harremana duela zenbait urte azaleratzen hasi zen soziolinguistikaren jaiotzarekin. Hizkuntzalaritzaren ikuspegi sozialago horri geografiaren garrantzia ere gehitu zion geolinguistikaren jakintza-alor berri samarrak. Hala ere, gutxi hitz egiten da oraindik ere lurralde-antolakuntzak eta hirigintzak hiztun-komunitatearengan duten eraginaz. "Lurraldea eta hizkuntza. Hizkuntza eta lurraldea (I. jardunaldiak)" jardunaldietan hazkunde urbanistikoaren eta hizkuntza-aldaketaren arteko harremanaz hausnartuko da. Lurralde-antolakuntzaren eta hirigintzaren ohiko egitarauan hizkuntzaren gaineko ikuspegiak ere bere lekua eduki beharko lukeelakoan antolatzen da jardunaldia. Kultura-ondarea ez baitute eraikinek eta naturak soilik osatzen. Bost ataletan banatu dugu jardunaldia: lehenengoan, lurralde-antolaketari buruzko oinarrizko printzipioak aztertuko ditugu; bigarrenean, Euskal Herriko arnasgune batzuen kasua ezagutuko dugu (Senpere, Zerain, Busturia eta Zubieta); hirugarrenean, Europako hiru esperientziaren berri izango dugu (Aland Uharteak, Flandria eta Gales); laugarrenean, lurralde-antolaketa eta gizarte erantzunkizunaren arteko harremanari buruz hausnartuko dugu, eta azkenik, bosgarrenean, jardunaldi honek emandako ondorioak eta etorkizunerako erronkak definitzen saiatuko gara".

No hay comentarios:

Publicar un comentario