miércoles, 19 de septiembre de 2012

Arto transgenikoz bazkatutako arratoiak lehenago hiltzen dira

Frantziako unibertsitate batek egin du ikerketa, Monsanto enpresaren herbizida bat eta arto bat erabilita. Transgenikoak homologatzeko neurriak gogortzeko eskatuko du Frantziako Nekazaritza ministroak Europan Arto transgenikoz elikatutako arratoiak lehenago hiltzen direla eta eta tumore gehiago sortzen zaizkiela ondorioztatu du ikerketa batek. Frantzian egin dute ikerketa, Caengo Unibertsitatean, eta Food and Chemical Toxicology kazetak argitaratu du. NK603 arto transgenikoarekin eta Roundup herbizidarekin egin dituzte probak; Monsanto enpresarenak dira bi produktu horiek. Caengo Unibertsitateko irakasle Gilles-Eric Seralinik «kezkagarritzat» jo ditu emaitzak. Arto transgenikoz elikatutako arratoi emeek bizpahiru aldiz hilkortasun handiagoa dutela eta arrek bizpahiru aldiz tumore gehiago atzeman dizkietela azaldu du. Ikerketak bi urte iraun du. Hiru arto klase erabili dituzte: NK603 arto transgenikoa, Roundup herbizidarekin trataturiko arto klase bera, eta transgenikoak ez diren baina Roundup herbizidarekin trataturiko beste arto bat. Produktu horietako bakoitzaren erabilerak «hilkortasun bizkorrago eta handiagoak» ekarri dizkie arratoiei, ikerketaren egileen esanetan. Ikerketaren egileek nabarmendu dute lehen aldia dela gisa horretako azterketa bat hain epe luzean egiten dena. Ikerketaren emaitzak ezagutu orduko, Stephane Le Foll Frantziako Nekazaritza ministroak adierazi du transgenikoen erabilera homologatzeko prozedurak gogortzeko eskatuko duela Europako Batasunean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario