domingo, 12 de diciembre de 2021

Zanbranako ehiza-barrutian miru gorri bat tiroz bota zutelako jarritako salaketa artxibatu egin du Fiskaltzak

Ondorioztatzen du “nahita bota zutela, inolako dudarik gabe”, baina ezin izan du erantzulea identifikatu Orain dela urtebete Zanbranako ehiza-barrutian miru gorri bat tiroz bota zutelako, Arabako Aldundiak zein Eguzkik jarri zuten salaketa behin-behinean artxibatu du Fiskaltzak. Kontuan izan behar da miru gorria (Milvus milvus) Mehatxatutako Espezieen Euskal Kataloagoan sailkatuta dagoela, “galtzorian” atalean, gainera. Beraz, espezie honetako ale bat botatzea delitua izan daiteke, kartzela-zigorra eta guzti ekar dezakeena. Fiskaltzak dio diligentziek argi eta garbi erakusten dutela mirua “nahita bota zutela, inolako dudarik gabe, eta ehiza-barrutitik bertatik, gainera”. Baina ezin izan dute erantzulea identifikatu. Eguzkin horrelako zerbait espero genuen. Izan ere, salaketa egin genuenean, honako hau esan genuen: “Badakigu horrelakoetan oso zaila dela tiro egin duena identifikatzea eta zigortzea (baita “garbi” jokatzen omen duten ehiztariez inguratuta badago ere). Baina salaketen bidez bistaratu nahi dugu hemen ingurumenaren aurkako delituak egiten ari direla”. Eguzkiren iritziz, funtsezkoa da bistaratzea horrelakoak ez direla inolaz ere “kasu bakanak edo isolatuak”. Espezie babestuak tiroz botatzea arazo kronikoa da. Izan ere, Eguzkik joan den astean Hondarribian aztore bat (Accipiter gentilis) bota zutela salatu zuen. Eta urrian, Gipuzkoan bertan, beste lau kasu: arrano txiki bat (Hieraetus pennatus) Errezilen, elanio urdin bat (Elanus caeruleus) Seguran, belatz handi bat (Falco peregrinus) Jaizkibelen eta gabirai bat (Accipiter nisus) Usurbilen. Halaber, jakin genuen iaz tiroz botatako 33 hegazti iritsi zirela Igeldoko Arrano Etxera, horietako 21 babestuak edo ez-zinegetikoak. Joan den astean ere, Bizkaiko Basozainek facebooken beste kasu baten berri eman zuten, tiroz zauritua aurkitu, Gorlizko zentroan artatu eta, zorionez, berriz ere askatu ahal izan zuten aztore baten berri, hain zuzen. Mezu berean zera esan zuten: “Azkenaldion ehiza denboraldia zabaldu denetik, tirokatuta batzen ditugun animalia kopurua (hegaztiak batik bat) nabarmen igo da. Espezie ez-zinegetikoak tirokatzeak arau-hauste administratiboa dakarrela eta espeziearen arabera delitua ere izan daitekeela gogorarazi nahi dugu”. Datu bat. Orain dela bi urte, Gorlizko Basafauna Birgaitzeko Zentroak 20 urte egin zituen. Urtebetezea zela eta, zenbaki batzuk eman zituzten. 20 urteetan, guztira, 17.021 animalia artatu zituzten Zentroan, espezie guztietakoak. Bada, horietako 500 baino gehiago tiroz jota iritsi ziren. Eta beti esaten dugun bezala, kontuan izan behar da gu ezagutzera iristen garen kasuak nahiz basafauna artatzeko zentroetara iristen direnak icebergaren tontorra baino ez direla, pentsatzekoa baita botatako hegazti asko jasoko dituztela tiro egiten dietenek (ezkutatzeko, disekatzeko edo auskalo zertarako) eta beste asko sasi artean galduko direla. Gauzak horrela, berriz diogu: funtsezkoa da bistaratzea ez direla kasu bakanak edo isolatuak. Hemen arazo kroniko bat dago, biodibertsitatean ondorio latzak dituena. Horregatik ez dugu ulertzen, are gehiago, espresuki gaitzesten dugu kasu hauei garrantzia kentzeko ahalaeginak edo argira ez ateratzeko ahaleginak egiten dituztenen jarrera. Beharbada horrela jokatzen dute arazoa behar beste bistaratzen bada neurriak hartu beharko dituzten beldur direlako edo. Eguzkik jarraituko du kasu hauen berri ematen, ezagutzen dituen neurrian, eta herritarrak gauza bera egitera animatzen ditu. EGUZKI, 2021eko abenduan

No hay comentarios:

Publicar un comentario