Jendartearen gero eta sektore gehiagok eta gero eta bizitzaren esparru gehiagotan pairatzen ari garen egoera benetan larria da. Eta pasa den astean, berriro ere, egoera honen ondorio lazgarriena bizi izan genuen: suizidioa. José Antonio Diéguez GarcíaK, epai-batzordeak etxe kaleratzea gauzatzera joandakoan balkoitik salto egin zuen. Egoera limite baten aurrean irtenbiderik ez ikustean bere buruaz beste egin zuen, AmaiaK, Iñakik eta Manuelek bezala. Egunero kolpatzen gaituen etxe kaleratzeen errealitate gordinak, jada bi pertsona eraman ditu aurretik gure herrian. Etxe kaleratzeen arazoa benetan larria bada ere, arazo global baten ondorio bat bezala ikustearen garrantzia azpimarratu nahi dugu: etxebizitza errespetatzen ez den eskubide bat da. Are gehiago, etxebizitza jendarte-bazterketa eta prekarizazio faktore garrantzitsu bat bilakatu da. Etxebizitza eskubidea formalitate hutsa besterik ez da eta sektore publikoaren utzikeriak, zorpetze masibora eraman ditu etxebizitza beharrean zeuden kolektiboak, haien ahalmen ekonomikotik haratago zorpetzeraino. Eta egoera honen erantzule zuzenak diren politikari eta banketxeek, sektore herritarrak lagundu ordez, lehenengoek bigarrenak “salbatzeko” itzelezko dirutza publikoa bideratu dute José Antonio alokairuan bizi zen eta etxearen alokairua hainbat hilabetetan ez ordaintzeagatik 5.000 euroko zorra zuen. Hipoteken legea aldatu behar dela esan izan da. Eta zergatik ez alokairuan dauden pertsonen kaleratzea baimentzen duen Hiri Errentamenduen Legea? Eta zergatik ez Prozedura Zibilaren Legea, bankari krisiak gogorren zigortu dituen sektoreen etxebizitzak eskuratzeko baimena ematen diona? Etxebizitzaren arazoari heldu nahi badiogu, beste hainbat esparrutan bezala, hainbesteko mina egiten ari den jabetza pribatua – eskubide sozialak kontraesana gainditu behar dugu. Eskubide sozialak jabetza pribatuaren gainetik egon behar dira. Eta bide horretan, arazoa bere osotasunean barne hartuko duen irtenbide integralik gabe partxe bat besterik izango ez dela dakigun arren, kaleratzeek berehalako irtenbidea behar dutela argi dugu. Zentzu horretan, Lakuako eta Iruñako Gobernuei, arrazoi objektiboak medio etendako ordainketekin lotuta dauden etxe kaleratze guztiak bertan behera uztea exijitzeaz gain, udalei, aholkularitza legala bermatu eta kaltetutako pertsonentzako laguntza eskaini dezatela exijitzen diegu. Herritarrengandik gertuen dagoen instituzioak ezin du, pertsonak, haien bizitokietatik kaleratzea den astakerian lagundu. Areago, herri parte hartzearekin, arazoari gertueneko eremutik aurre egiteko batzorde lokalen eraketa abiatu behar dute. Baina, esan bezala, etxebizitzaren arazoa kolektiboa eta globala da, eta horregatik irtenbide estrukturala behar du. Arazoa konponbidean jartzeko, urteak daramatzagu hurrengo ideien inguruan lan egiten: - Hirigintza basatia alboratuz, Euskal Herrain dauden 245.000 gorako etxe hutsen optimizazioak etxebizitzaren eskuragarritasuna konponduko luke. Horretarako, etxe hutsen gaineko presio soziala handitu behar da (hainbat urtetan eta hainbat eragileren lan bikaina jarraituz) eta etxe hutsak izatea zigortu (IBIaren igoera, zerga bereziak, Udaletxeei Ogasun Lokaleko Legeak utzitako eskumenak, erabileraren desjabetza martxan jarriko duten arauak...) - Prezio mugatuko Alokairu Sozialeko Etxebizitza Parke Publikoa martxan jartzea, etxe hutsez, desjabetutako etxebizitzez, administrazio publikoaren etxebizitzez… osatua. Baina, alokairuengatik kobratzen diren prezioen gehiegizko muga hau, bai etxebizitza babestuei nola merkatukoei ezarri beharra dago. Ez da bidezkoa egun merkatu libreko alokairuaren bataz besteko prezioak 900 euroak gainditzea eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) 641,40 eurokoa izatea. Etengabe aldarrikatu dugu aipatutako muga alokairuan dagoen pertsonaren dirusarreren %15ekoa izan behar dela. Azaroan egin genuen prentsaurrekoan esaten genuen “beste sektore batzuetatik frente bateratu bat sortzeko proposamenari heldu besterik ezin diogu egin, etxebizitza den oinarrizko eskubidea gauzatu ahal izateko. Horixe izango da datozen hilabeteetarako gure lana”. Eta horretan dihardugu. Etxebizitzaren gaia lantzen duten eragileekin partekatu eta gero, hurrengo egunetan, herrietan eta auzoetan lan egiteko tresna izan nahi duen Etxebizitza Gida aurkeztuko dugu. Etxe kaleratzeek herri erantzun zabala izaten ari dira. Antola dezagun herriz-herri eta auzoz-auzo jendarte mugimendua, elkartasuna eta hainbat sektoreren ahalegin desinteresatua etxebizitzaren arazoa konponbidean jartzeko. Ahaztu gabe, noski, etxebizitzaren arazoa gure herrian ezarri diguten eredu neoliberalaren ondorio bat dela, baina ez bakarra. José Antonio Lakuako mantenimendu zerbitzuko azpikontrata bateko aldi baterako langilea zen. Etxebizitza eta lana, prekarizazio katearen bi maila. Administrazio publikoan 35 orduko lan-astea kendu eta gero, hauek al dira Josu Erkorekak aurreikusten zituen “albo-kalteak”? Lotsak eta beldurrak alde batera utzita eta elkartasunaren balioetan oinarrituta egoerari buelta emateko garaia da, jakitun izanik antolaketak eta jendarte eraldaketa sakonaren aldeko borrokak soilik egingo duela posible langile klasearen eta Euskal Herriko sektore herritarren askatasuna
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario