Legazpin erreferenduma egin zuten, eta bozkatzeko aukera eduki zutenen erdiek atez atekoaren kontra eta 5. edukiontziaren alde egin zuten. Hurrengo egunean EAJ, PSE eta PPk argi esan zuten herritarrek esandakoa errespetatu egin behar zela. Harrituta geratu ginen. Ikusten ari ginen antzerkia komedia handi bat zela iruditu zitzaigun. Azken urteetan herritarren hitzari kasurik egin ez diotenak, herritarren borondatearen defendatzaile bihurtu dira egun batetik bestera, oraingoan euren interesen aldeko emaitza atera delako. 2002an Zornotzan zentral termikoaren inguruko erreferenduma egin zuten. Botoen %98 zentral horren kontrakoak izan ziren. Baina EAJko burua zen Josu Jon Imazek esan zuen proiektu hori garrantzitsuegia zela zornotzarrei kasu egiteko, eta zentrala egin egin zuten, herritarrei kasurik egin barik. 2007an Aramaion AHTn inguruko galdeketa egin zuten. Botoen %95 kontrakoak izan ziren. Eta alkateak epaitegietan amaitu zuen erreferenduma egiteko lokal publikoak lagatzearren. EAJk gogor egin zuen erreferendumaren kontra, eta erakundeei eraso egiteko antolatu zela esan zuen. EAJk eta PSEk AHTa egiten jarraitu dute Jaurlaritzan egon diren urteetan, Aramaioko eta beste herri askotako herritarren erabakiak errespetatu barik. AHTa eta zentral termikoa inposatu diguten horiek izan dira Legazpiko erreferenduma errespetatu egin behar dela esan dutenak, eta atez atekoa ez inposatzeko eskatu dute. Errauskailua egin nahi dute, diru asko dukatelako jokoan. Eta oraingoan Legazpiko erreferendumak erraztu egin die errauskailua egiteko bidea. EAJri, PSEri eta PPri hauxe esaten diegu: herritarren berba errespetatu behar bada, beti errespetatu behar da, eta ez norbere interesen aldeko emaitza ateratzen denean bakarrik. Zer egin Legazpiko erreferenduma eta gero? Legazpiko herritarren gehiengoak esan du ez duela nahi atez atekorik, eta 5. edukiontzia nahi duela. Iritzi hori errespetatu egin behar da, herritarrek horrela erabaki dutelako. Baina legazpiarrek jakin behar dute 5. edukiontziarekin gutxiago berziklatzen dela, eta beraz zabor asko sortzen jarraituko dutela. Legazpiarren eskubidea da erreferendumak egin eta zaborra jasotzeko nahi duten sistema hautatzea; baina legazpiarren betebeharra da erabaki horren ondorioei aurre egitea. Eskubideak dituenak betebeharrak ere badituelako. Beraz, legazpiarrek beraiek kudeatu eta jasan beharko dituzte berziklatu gabe geratzen zaizkien zabor piloak. Izan ere, legazpiarren gehiengoak gutxiago berziklatzea erabaki duelako, Zubietako herritarrek ez daukate zertan zabor horiek euren herrian jaso eta errausketaren ondorioak jasan (toxinak, kamioien joan etorriak...). Osasuna giza eskubide unibertsal bat da; gutxiago berziklatzea, ez. Demokrazia baten kalitatea ez baita neurtzen gehiengoak agintzeko daukan aukeraren arabera, gutxiengoek eta zapalduek euren eskubideak zaintzeko dituzten aukeren arabera baino. Gipuzkoarren gehiengoak ezin dio inposatu Zubietako herriari errauskailu kutsagarri bat. Hori da inposiziorik handiena, zubietarren osasunaren kontrako eraso bat. Gure aldetik, legazpiarrak, gipuzkoarrak eta euskal herritar guztiak gonbidatzen ditugu gehien berziklatzen duen sistema aukeratzera. Kasu honetan, atez atekoa. Probatu hile batzuetan sistema hori, eta ikusi ea nolakoa den. Gutxiago kutsatzen du, baliabideak berrerabiltzen ditu, lanpostuak sortzen ditu eta ondorengo belaunaldiei Gipuzkoa eta Euskal Herri garbiago bat utziko die. Gure seme-alabek eskertuko digute. Eta geuk ere eskertuko dugu! EGUZKI Talde Ekologista. Euskal Herria, 30 de abril de 2013ko apirilaren 30an
miércoles, 1 de mayo de 2013
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario