sábado, 1 de junio de 2024

Zabor tasaren "kolpea"ren aurrean, "koherentzia" eskatu dute

Gasteizko udal gobernuak 58 eurotik 104 eurora igo nahi du, batez beste, herritarrek ordaintzen duten zabor tasa. Gasteiz Zero Zabor-ek esan du "arbitrarioa", "neurriz kanpokoa" eta "legez kanpokoa" dela Tarifazoa salatu du Gasteiz Zero Zabor taldeak, udal gobernuak ezarri nahi duen zabor tasaren igoeraren aurrean. Jon Armentia Ogasun zinegotziak iragan astean aitortu du zaborraren bilketagatik eta kudeaketagatik udalak kobratzen duen kopurua, oro har, 58 eurotik 104 eurora igoko dela. Alta, oraingoz, udalak ez du ordenantza-proiekturik osatu, baina hobariak ezarriko direla aurreratu du Ogasun zinegotziak, eta hobariek errenta eta erabilera irizpideak izango dituztela ere argitu du. Igoera %85 ingurukoa izango da, eta hondakinen lege berriaren eskakizunari erantzuten diola esan du Armentiak; izan ere, horrek behartzen du tasak zerbitzuaren kostu osoa estaltzera. Gasteiz Zero Zabor taldetik, ordea, uste dute udal gobernuak aurkeztutako proposamena "arbitrarioa", "neurrigabea" eta "legez kanpokoa" dela. Zerga aldaketak proposatu aurretik, zerbitzuaren egungo kostuen azterketa egiteko beharra azpimarratu du Gasteiz Zero Zabor taldeak, alegia hondakinak bildu, garraiatu eta tratatzeko eragiketak; lan horien zaintza eta 30 urteko zabortegiak itxi ondorengo mantentze eta zaintza lanak; edo kontzientziazio kanpainak kontuan hartuko dituen azterketa. Eta gogoratu du 2010ekoa dela azken zerga aldaketa, "2013tik derrigorrezkoa izan arren". "Koherentzia" Taldeak gogoratu du tresna fiskalak politikaren parte direla, baina ez dutela modu isolatuan funtzionatzen: "Koherenteak izan behar dute lortu nahi diren helburuekin. Has gaitezen orduan erreforma oinarritik, bestela badirudi tokiko gobernuaren helburu bakarra udalaren diru bilketarako ahalmena handitzea dela", azpimarratu dute. Beste alde batetik, zehaztu dutenez, Gasteizko udal ordenantzaren aldaketa proposatu dute soilik atal eta tarifa batean, hain zuzen hondakinak bildu eta ezabatzeko zerbitzuagatiko tasaren tarifan –120 metro koadrora arteko etxebizitzak–; gainerako tarifak eta hondakinak udal tratamendu plantetan isuri eta tratatzeagatiko tasa, aldiz, orain dagoen bezala utzi dute. "Proposamen bat eginez gero, proposamen horrek proportzionala izan beharko luke dauden tarifa-tipologia guztientzat". Halaber, Gasteiz Zero Zabor taldearen ustez, tasak igotzeko proposamenak ez du barne hartzen hondakinen kudeaketaren printzipio gidaria: kutsatzen duenak ordaintzen du. "Positiboa da hobariak ezarri ahal izatea helburuekin kolaboratzen duten pertsonentzat, baina ez dugu ahaztu behar gaur egungo produkzio sisteman sortzen diren eta Gasteizko makrozabortegian uzten diren merkataritza eta industria hondakin ugari daudela". Hartara, Gasteizko udal gobernuari dei egin diote Arabako Hiri Hondakinen 2024-2030 Foru Plana berrikusteko unea baliatzeko, "benetako eraldaketa lortzeko eta diru publikoa itxaropen faltsuetan xahutzen ez jarraitzeko". Eta behin helburuak adostuta, "gutxienez lotesle legalak", eta hori nola lortu zehaztuta,"orduan aztertu beharko da nola ordaindu sistema, ez lehenago". Leer más...